top of page
Search

Erregai fosilen amaiera lor dezagun

Talde ekologistek irailaren 15ean kaleratzeko deia egin dute, erregai fosilen amaiera eskatzeko

Manifestazioa Bilbon 19:00etan hasiko da Moyua plazatik

Datorren irailean, Nazio Batuen Erakundeak ekitaldia antolatu du New Yorken, tenperatura globalaren igoera 1.5oC-tik behera mugatzeko herrialdeen anbizio eskasari aurre egiteko. Goi-bilera horren aurrean, behean sinatzen dugun elkarteok nazioarteko deialdia gure egitea erabaki dugu, erregai fosilen erabileraren amaiera modu azkar, zuzen eta behin betikoan emateko.


Txosten zientifikoek argi eta garbi jarraitzen dute ezartzen 2030erako berehalako neurririk hartzen ez bada 1.5oC-ko muga gainditu egingo dela eta 2oC-tik gertu egongo dela. Muturreko fenomeno meteorologikoek urteak daramatzate krisi klimatikoaren ondorio ekosozialak erakusten, eta gobernuek oraindik ez dute onartzen erregai fosilak direla egoera horren eragile nagusia. Horregatik, nazioarteko deialdia egiten dugu erregai fosilen erabilera modu azkar, zuzen eta behin betikoan amaitzea eskatzeko.


Emisioen murrizketa horrek produkzio-sektore guztiei eragin behar die, baina intentsitate handiagoarekin Ipar Globaleko herrialdeei. Klima-justiziak mugak gainditu eta unibertsal bihurtu behar du. Gaur egun, oraindik ere interes kolonialistak eta estraktibistak daude, Hego Globalean sakrifizio-eremuak sortzen dituztenak. Harreman neokolonial horiei amaiera eman behar zaie, eta baliabideak eman herrialde pobretuenek erregai fosilen erabileran oinarritzen ez diren ereduak aukeratu ahal izan ditzaten.


Euskal Herrian PETRONOR Europako findegi handienetako bat dugu, biztanleriaren erdian kokatua, zigorrik gabeko gertakari etengabeekin, hidrogenoa, erregai sintetikoak eta zaborren pirolisia ekoizteko planekin, eta hori guztia dirulaguntza publiko ugarirekin ureztatua. PETRONOR-REPSOL, estatuko enpresa kutsatzaileena, Ipar Globalak baliabide naturalak bereganatu izanaren adibide garbia da: iaz, bere mozkinen errekorrarekin bat eginez, petrolio isuri handia eragin zuen Perun, eta kalte konponezina eragin zuen bertako kostaldean.


Petrolio-herrialdeen eta lobby-en presioaren aurrean, deskarbonizazio bat planteatu behar dugu, justizia sozial eta ekonomikoaren printzipioei jarraituz eta biztanleria ahulenari arreta berezia emanez. Egungo krisi energetikoak erakusten du kapitalismo fosilak pertsona ahulenen gain uzten dituela krisiaren kostuak, prezioen igoerarekin eta pobrezia energetikoarekin. Halaber, ezin ditugu ahaztu klima-errefuxiatuen sufrimendua eta heriotzak eta harrera-politika duinen falta.


Erregai fosilei amaiera ematea da bizitzea merezi duen etorkizuna bermatzeko modu bakarra. Klimaren arloko justizia ekosistemak eta giza eskubideak babestearen eskutik baino ez da posible izango. Horregatik guztiagatik, kalean gaude eta COP28ra arte jarraituko dugu, ERREGAI FOSILAK AZKAR, ZUZEN ETA BEHIN BETIKO AMAITU ARTE.


Informazio gehiago: https://fightfossilfuels.net/

0 views0 comments
bottom of page